XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bost urte dira Soviet Batasuna desagertu eta Estatu Independienteen Elkargoa sortu zelarik Errusiak berak bultzaturik.

Zer gertatu da harrezkeroz hango prentsan?

Zer bide jorratu dituzte errusiako hedabideek Perestroika amaitu eta gaur egunera arte?

Artikulu honetan batez ere adibide hiriburutarra, moskutarra, aztertzen da.

1. Prentsa idatziaren kasua

Nonbaitetik hasi behar dela-eta, prentsa idatziaren azalpenagaz hastea deliberatu dut;

izan ere, historikoki duela jada menderen batzuk, jakina prentsa idatzia izan baita kalera, izkiriatutako paper tintatu periodiko zikinak zirela medio, publiko artera jauzi egiten lehen hedabide masiboa.

Prentsa errusiar berriarenganako hurbilketa labur honetan ideia nagusi bi garatuko dira:

bata, errusieraz idatzitako prentsak trantsizio garaion ezagutu duen aldaketa tipologiko nagusia non egunkari eta aldizkari jeneralisten nondik eta norakoak aztertzen baitira;

eta, bestea, prentsa modelo berrien gaia zeinean hitzegiten baita ia gaur arte eremu sozialista sovietar ohian pentsaezinak ziren negozio prentsa kapitalistaz eta erlijio prentsaz, edota urteotan garatu eta bermoldatu diren emakume prentsa gero eta arrakastatsuaz eta beti eguneratzen ari den ume prentsaz.

Ikus ditzagun banan-banan gai nagusi biok.

1.1. Trantsizioaldiko prentsaren aldaketa tipologikoa.

Edozein lekutan legez, Errusiako prentsaren garapena bere garaiko gizartearen garapenari dago lotuta, eta honixe zor dizkio bere bilakaera, erregulazioak, asmakuntzak eta errakuntzak;

Errusiako prentsaren garapena aztertzerakoan, jakina, Errusiaren beraren historia errepasatzen ari garela pentsatu behar dugu, eta izan, halaxe da nahiz eta gure helburua izan ez den historizista, komunikatiboa baino.

Zilegi bekigu, bada, azalekoak baino ez badira ere, zenbait itzulinguru historikori lotzea gure kontakizun periodistikoa; ez dugu oso atzera egingo baina.

50-60ko urteetan prentsak berak eta gainerako hedabideek sekulako hazkundea ezagutu zuten Soviet Batasuna izan zen inperio hartan.

Esatebaterako, 1955-1957 urteetan bakarrik 198 egunkari-aldizkari berrik ikusi zuten argia sovietarren herrian, hauen artean 34 jeneralista-politikoak izan ziren, 27 literario-artistikoak, 40 industrialak eta 21 osasun arlokoak;

bestela esanda, eta asko direnez gure artean zenbakien fedea profesatzen dutenak, hiru urteko epean aste bakoitzean argitalpen berri bat(...)